Nirea

Nikolas Segurola artzain eskolaren aitaren bizitzari buruzko liburua aurkeztu da

Nikolas Segurolak hiru alderdi lantzen eman du bizitza. Artzaintza izan da bere pasioa, Arantzazun aurkitu zuen bokazioa eta bertsoetan ere aritu da. Hiru horien artean, lehenengoa izan da ospea eman diona.

Izan ere, ardi latxaren hobekuntza genetikoan, Idiazabal jatorri izenaren, gaztandegi eta jezteko gela berrien diseinu eta garapenean edo Artzain Eskolaren sorreran eta bilakabidean zeresan handia izan du. Azken honengatik da bereziki ezaguna eta estimatua. Gomiztegiko artzain eskolak gaur egun nazioarte mailan duen entzutea Segurolaren lanari zor dio. Berari oroitzea gustatzen zaion moduan, ordea, “lehen etxeko tontoena izaten zen artzain eta estimu gutxitan zuten beren burua. Ofizioari prestigioa ematea lortu da, baina hori ez da gutxi batzuen lana izan, artzain, teknikari eta politikarien elkarlanaren fruitua baizik”.

Bere bizitza liburu batean

11 urterekin Arantzazura joan zen. Etxean uzten zituen ardiak agurtzerakoan, negarrari ekin zion. Bost urte geroago, gaixotu eta etxera bueltatu behar izan zuen. 19 urterekin itzuli zen berriro Arantzazura, eta mezarik gabeko fraide bilakatu zen. Orduan ekin zion ospea eman dion ibilbideari.

Orain, 77 urte ditu eta bere bizitza biltzen duen liburua aurkeztu berri dute: “Nikolas Segurola, Fraide, artzain eta bertsolari”, Xabier Euskitze bertsolari eta aurkezleak kooordinatuta eta honek, Iñaki Beristain eta Eduardo Urarterekin batera idatzita.

Fuentes:
GONZALEZ, Marian. Libro y homenaje a Nikolas Segurola. Diario Vasco. 2016-11-22
AGIRRE, Joxean. «Arantzazura joan bezperan negar egin nuen mendian uzten nituen ardiei begira». Naiz. 2016-11-26

itzuli gora

Ultimas noticias