Ezagutu gure lurraldea

Asteburuko planak

Asteburu honetan naturaz, nekazaritzaz eta txakolin goxo batez gozatzeko aukera duzu Euskadin bertan aurkituko dituzun azokei eta feriei esker.

Gaur hasi dezakezu Laudioko (Araba) Dolumin Ostiralarekin, non primerako abeltzain azoka aurkituko duzun eta, gainera, idi, zaldi, ardi eta ahuntzeko lehiaketak ikusteko aukera ere izango duzun. Era berean, idien proben erakusketa eta bertako ekoizleen merkatua egongo da. Bazenekien egun honetan laudioarrek Elizak emandako baimen bat jaso zutela haragia jateko nahiz eta Garizuma ostirala izan?

Larunbatean Bergarako (Gipuzkoa) Erramu azokara gonbidatu nahi dizugu, eta bertan nekazaritza eta abeltzaintza azoka egongo da, abere erakusketa batez lagunduta noski, udaletxeko plazan. Bakiotik (Bizkaia) ibiltzea nahiago baduzu, San Jose eguneko XXI. feria zure zain egongo da. Azokan Bakioko upeltegietan egin den txakolina aurkeztuko da eta ohikoak diren produktuak ere egongo dira: euskal pastela, ogia, gazta… Pottokak, txakurrak, ahuntzak edo idiek ere toki oso berezia izango dute bertan. Aurten primerako egitaraua prestatu dute asteburu osorako, upeltegiei bisitak eta pintxo dastatzeak, besteak beste. Gainera, atzo kontatu genuen moduan,Oionen (Araba) Oliba Olioko Jaia hasi da.

 

Igandean ere hainbat ekintza egongo dira: Larrabetzun (Bizkaia) Txakolin Eguna izango da eta hango udalak dastatzea antolatu du plazan goizeko 12:30etan. Beste aukera polita Segurara (Gipuzkoa) hurbiltzea da, bereziki lorezaintza gustuko baduzu. Bertan Landare eta Lore azokako XVI. edizioa ospatuko dute. Bisitariei ere eskainiko dizkiete artisautza eta bertako ohiko produktuak: taloak, eztia edo gazta, adibidez. Eta, bukatzeko, Okondok (araba) ere prestatu du bere Baserriko Feria. Bertako ohiko produktuak izango dituzu han eta adarra nola lantzen den erakutsiko dizute.

Informazio gehiago:

 

 

 

 

 

 

itzuli gora

Ultimas noticias