Ezagutu gure lurraldea

Asteburuko ekitaldiak

Larunbatean Errenterian (Gipuzkoa) Euskal Herriko Eskulangintzako XXXVIII azoka osatuko da. Bertan ekoizleak aurkitu ditzakezu haien lanak momentuan egiten. Gainera, Sagardo Egunaz gozatu dezakezu Euskal Herriko sagardo ezberdinak frogatuz, eta sagarraren bilketa eta aintzinako sagardoaren ekoizpenaren erakustaldia egongo da.

Orduñan (Bizkaia) Nekazaritzarako Elikagaien Azoka izango da, eta Berriatuan (Bizkaia) Arrantza eta Nekazaritzakoa. Bi lekuetan ekoizleak egongo dira, eta beraien produktuak izango dituzte erakusgai eta salgai. Gainera, Eskoriatzan (Gipuzkoa) Debagoieneko Artzainen Eguna ospatuko da, eta bildots errea dastaketa egingo da, beste hainbat gauzaren artean.

Eta igandean, adi egon, Idiazabalen (Gipuzkoa) Gazta eguna baita. Festa handi honetan 24 gaztandegik parte hartuko dute, eta gazta eta nekazaritza produktuak salduko dira. Gazta lehiaketa eta 2 euroren truke 6 pintxo dastatzeko aukera ere izango duzu.

Ingurumena maite dutenentzat, Alegiako (Gipuzkoa) III. Azoka Ekologikoa dugu. Loreak, landareak, fruituak, barazkiak, esnekiak, euskal txerria, marmelada, txakolina... zure zain egongo dira 13 postu ezberdinetan.

Bukatzeko Turtziozen, (Bizkaia)Abeltzaintza eta Nekazaritzako azoka egingo da, artisau-produktuak izango dira,  abere arrazen  erakustaldia ere egongo da.

 

itzuli gora

Ultimas noticias