Nirea

Ikastetxeetako jantokietan elikagai ekologikoak txertatzeko Ekolapiko gida

Ekolapiko bertako baserrietan ekoiztutako elikagaiekin elikadura ekologikoa eta osasuntsua ikastetxeetako jangeletan txertatzeko proiektu bezala 2006. urtearen amaieran eman zituen bere lehenengo urratsak, eta egun, hiru eragilek hartzen dute parte egitasmoan: Cristina Enea Fundazioa, Biolur eta ENEEK.

Donostiako Udalarekin elkarlanean, hiriko 3 haurreskolatan martxan jarri zen Ekolapiko bere hastapenetan, eta ondoren beste udalerri eta ikastetxe batzuetara hedatu zen: Usurbil, Beasain, Hernani, Oiartzun, Errenteria eta Ibarra. Segurako aterpetxea ere gehitu zen. Aurreneko esperientzien ondoren, denen balorazioa oso positiboa da orokorrean, bai elikagaien kalitatearengatik, bai eta baserritarrekin dituzten harremanengatik ere. Egun, 7 udalerritan dago indarrean egitasmoa, eta egunero batez beste 675 otordu ekologiko prestatzen dira. 

Bere hastapenetatik egitasmoak hiru ardatz nagusi izan ditu: osasuna eta hezkuntza; ingurumena; eta landa-garapena.

 

Ekolapiko gida

10 urte luze hauetan egitasmoak pilatutako esperientzia guztiak biltzeko, eta ikastetxeetan Ekolapiko txertatzeko jarraibide gisa, gaurkoan Ekolapiko gida aurkezten dute Cristina Enea Fundazioak, ENEEK-ek eta Biolur-ek. Gida honen helburua ikastetxeak laguntzea da, eskaintzen duten jantoki-zerbitzua elikagai ekologikoekin lan egiteko eman behar dituzten urratsak eta tresnak ezagutu ditzaten. Eredu aldaketa prozesuan egon daitezkeen zalantzak argitzea ere dokumentu honen xedea da. Tresna lagungarri hau jorratzeko, Ekolapiko proiektuko partehartzaileen esperientzia eta ekarpenak bildu dira.

Horretarako, egitasmoan elkar-eragiten duten elementu eta aldagai guztiak kontuan hartu dira, esaterako, eta besteak beste, Ekolapiko abian jartzeko ikastetxeko sukaldean egin beharreko aldaketak, menuen gainkostua, menuen azterketa edota umeen egokitzapena, bai eta Ekolapiko martxan jartzeko beharrezko gutxieneko baldintzak, hala nola: sukalde propioa edukitzea, elikagai ekologikoak eta menu orekatu eta osasungarriak, eta batez ere partaide guztien sentsibilizazioa eta inplikazioa (ekoizle, sukaldari, irakasle, ikasle, guraso eta abar).

Gida hau, Euskal Autonomia Elkarteko ikastetxeetara bidaliko da datozen egunetan, ikastetxe bakoitzak egitasmoa bertan txertatu ahal izateko irizpideak eta jarraibideak ezagutu ditzan. Dokumentua eskuragarri egongo da baita ere hiru eragileen webguneetan, interesa duen edonork doahinik kontsultatu eta deskargatu dezan.

Iturria: Cristina Enea Fundazioa 

itzuli gora

Ultimas noticias