Nirea

ArTzai Topaketa (Karrantza) | Ekainak 16

Nola heldu?

artzai-topaketa-karrantza-2018Karrantzako ardi mutur beltzaren babesa eta hazkuntzarako elkarteak, Avascane eta Mutur Beltz sustatzeko elkarte agroekologiko, artistiko eta kulturalak, Karrantzako udalaren laguntzaz ArTzai Topaketa antolatzen dute, artzaintza eta arte topaketa, landa-ingurunea bultzatu eta hausnartzeko asmoarekin jaio dena, MANTENDU, SORTU eta PARTE HARTE kontzeptuak oinarri hartuta.

Horrela bada, datorren larunbatean, ekainak 16, goizeko 11etatik aurrera, Karrantzako ardi Mutur beltzaren V monografikoa izango da Karrantzako Ambasaguas auzoan. Artzain askok larretatik plazara eramango dituzte euren ardiak, gal zorian dauden animalia horiek erakusteko. Europa mailan, Enkarterriko eskualdea da galtzeko zorian dauden bertoko animalia gehien dituena. Hori dela eta, ardiak ez ezik, azpigorri, montxina behiak, terreña, euskal txerriak, villano txakurrak, euskal artzai txakurrak, euskal oilarrak eta antzarra, pottokak eta Enkarterriko astoak ere ikusi ahal izango dira.

Adin guztietako pertsonentzako eta mota askotako ekintzez beteriko eguna izango da. Horren adibide, Gipuzkoatik «Latxine» munduko ardirik handiena etorriko zaigu, umeek primeran pasa dezaten. Halaber, Euskal Herriko Irularien III. Topaketa ospatuko da, artisauen eta baserriko produktuen salmentarekin batera. Ile moztea eta artzain txakurraren erakustaldia ere egongo dira. Horrez gain, aurten, Karrantzako Angel Eletxigerra eta Kiko el de Montañan artzainek omenaldi bat jasoko dute, pertsona horiek eman diguten ondareagatik.

Sukaldaritza ere ez da faltako: alde batetik, burruntzi eran prestaturiko arkume errearen debaldeko dastaketa egongo baita, eta, beste alde batetik, bertoko produktuekin egindako herri bazkaria egingo baita. Begano zein zeliakoentzako jangaiak ere egongo dira bazkarian. Herri kirola ez dute ahaztu antolatzaileek. Goizean esku pilota txapelketa txiki bat egingo da, eta, gauean, zortzi emakumek osatzen duten Emarri Taldeak proba egingo dute 500 kiloko harriarekin.

Arratsaldeko zortzietan, Dolomitas museoan, Mutur Beltz Elkarteak antolaturiko «II Ondo Bizi Arte egonaldiaren» erakustaldiaren aurkezpena hasiko da. Egonaldi hori Karrantzan egin zuten Gallartako Itxaso Díaz, Sevillako Bruno Delgado Ramo eta Oiartzungo Onintza Etxebeste artistek euren lanak aurkeztuko dituzte. Artearen ikuspuntutik, Karrantzako ardi eta artzainen egoeraren inguruan hausnartu, eztabaidatu eta hedatzeko esperientzia oinarri izan dute artistek euren sorkuntzak egiteko orduan. Artzainek eta artistek elkarrekin espazioa eta denbora partekatzeko aukera eman zien apirilean egin zuten egonaldiak.

Egunean zehar, musika ere ez da faltako. Goizean, Kaña bi taldeko trikitilari eta pandero jolea izango ditugu eta, gauean, Matraka elektro-txarangari esker dantzatzeko aukera izango du publikoak. Jardunaldia bukatzeko, Karrantzako produktuez beteriko saski baten zozketa eta txapel jaurtiketa egingo dira.

Herri bazkaria: 6€.

Harremanetarako telefonoak:

Avascane: Izaskun - tel. 690087439 (gaztelera)
Mutur Beltz: Joseba Edesa - tel. 639253436 (euskara) // Laurita Siles 617941595 (gaztelera eta frantseza)
Karrantzako udala: Rafa Arriola 656722565 (gaztelera eta euskara)

 

artzai-topaketa-2018-egitaraua artzai-topaketa-2018-plano

itzuli gora

Ultimas noticias