Gure lurraldea

Bizkaiako Meatzaldea

Nola heldu?

XX. mendearen hasiera aldera arte, mendeetan, burdina-zainak ustiatu izan zituzten Bizkaiko ipar-mendebaldeko eskualde handi batean, eta, horregatik, Meatzalde esaten zaio eskualde horri. Ustiapenaren ondorioz, oso paisaia berezia sortu zen, paregabea EAEn, meatzaritzaren ondareari eta, zehazki, meatzaritzaren kultura-ondareari dagozkion balioak dituena. Alde horretatik, Alta de Galdames edo Grumeran mendiaren ingurua da adierazgarrienetakoa.

 

Paisaiaren ikuspuntutik, lurraldearen egitura karstikoa leku askotan azaleratzen da: dolinetan, iturrietan, hobietan... Orratz-lapiazak dira aipagarrienak. Zorupean, berriz, EAEko haitzulo-dentsitaterik handienetakoa dago. Biotopo honek unitate integratutzat hartzen du lurraldeko sistema karstikoa. Aukera paregabea da hori unitate geomorfologiko osoa (bai endokarsta, bai lurrazala) kontuan hartuta egiteko plangintza eta prozesu eta harremanak batera aztertzeko. Karsta alde batera utzita, burdina ateratzeko irekitako orbainak dira inguruko paisaiaren erakargarririk handienetako bat. Kareharriaren berezko egitura zaintsua dela eta, paisaia berezi bat sortu da, non burdina-zainak hustuta sortutako ebaki ikusgarriak nabarmentzen diren. Sistema karstikoaren balioa apartekoa da eta, horregatik, beharrezkoa da hura babesteko araubide bat ezartzea, egun haren gainean eragina duten faktoreek eragina izateari uzteko eta mehatxuei aurre egiteko; batez ere, mehatxu fisikoei: substratu-mugimendu eta -aldaketei, nolanahiko isuriei, mea ateratzeko jarduerei eta karstaren baldintzetan eragina izan dezakeen beste edozein jarduerari.

Gehiago jakiteko:

Meatzaritzaren Museoa

 

itzuli gora