Gure lurraldea

Arabako Lautada

Euskadiko beste inguru batzuekin konparatzen delako esaten zaio horrela Lautadari, baina berez ez da hain laua, nahiz eta onartu beharra dagoen bere eremu irekiak Euskadiko beste inguru batzuetakoak baino zabalagoak direla. Bere erliebeak hiru haran paralelo marrazten ditu. Iparraldean, Barrundia –"barrualdea" esan nahi du–, erdian Zadorra ibaiarena, eta hegoaldean Iruraiz harana.

Arabako Lautada iparraldetik mugatzen duten mendiak Euskal Autonomia Erkidegoko mendirik garaienak dira, eta Gipuzkoako lurraldean dagoen Aitxuri tontorrak ematen dio mendizerrari garaierarik handiena, 1.551 metrorekin. Arabako herrialdean, Lautadako mendirik garaiena Aratz da, 1.442 metro neurtzen dituela. Hegoaldeko mendizerretan, berriz, tontorrik garaiena Baio mendia da, 1.193 metro neurtzen dituela.

Lautada, betidanik, bideak elkartzen eta elkar gurutzatzen diren lurralde bat izan da. Gaur egun oraindik ere hala da, N1 autobideak eta Madril-Irun trenbideak zeharkatzen baitute, eta horri esker komunikazio bikainak ditu. 

 

 

  • Udalerriak

  • Esperientziak eta aisialdia

  • Gure produktuak

  • Estekak

Arabako Lautada osatzen duten udalerriak ondoko hauek dira: Agurain, Dulantzi, Asparrena, Barrundia, Burgelu, Iruraitz-Gauna, Donemiliaga eta Zalduondo.

 

Eskualde honek bertako ondare historikoa ezagutzeko ibilbide interesgarriak eskaintzen dizkio bisitariari. Ugariak dira eskualde hau ezagutzeko moduak: bertako monumentu megalitiko batetik bestera joan gaitezke, edo barrualdeko Done Jakue Bidearen ibilbidean kokatutako elizak bisitatu, hala nola Gazeo edo Alaitza, Aguraingo herrigune historikoko harresia ezagutu, edo geldialditxo bat egin dezakegu Argomaizko Larreatarren Errenazimentuko Jauregian, gaur egun Turismo Paradore bilakatua. 

Naturari dagokionez, Lautada hau iparraldetik mugatzen duen Aizkorriko Parke Naturalak nahiz hegoaldetik mugatzen duten Entzia eta Iturrietako mendizerrek aukera ugari eskaintzen dituzte mendi-ibilaldiak egiteko. Gainera, Uribarri-Ganboa urtegiaren inguruan kokatuta dagoen Garaio Parkera ere joan gaitezke, bainurako egokitutako hondartza batzuk dituela, baita Mendixur Ornitologia Parkera ere, hegaztiak aztertzeko toki ezin hobea baita. Hori guztia, eskaintza gastronomiko interesgarri eta askotariko batez osatua, eta horren barruan, Idiazabal jatorri-deitura duen gazta nabarmentzen da.

 

 

Lautadan oraindik ere atsegin dute otordu xumeak egitea, baina horrek ez du esan nahi albora uzten dituztenik plater landuagoak, betidanik gogoko izan dutelako kanpotarrek dituzten gauza onetatik ikastea. Patatak txorizoarekin dasta ditzakezu, edo babarrun batzuk beren sakramentu guztiekin, porru batzuk, patatekin baldin bada hobe, jakina, bakailao on bat, baita beste edozein arrain ere. Era berean, entsalada apartak, menestrak, babak bere garaian, onddo-nahaskiak, perretxiko batzuk edo karakolak. Eta ehizakiak ere ezin dira albora utzi, garaia denean.  Hori guztia, eta gehiago ere bai, dastatu ahal izango duzu Lautadan, amonengandik ikasitakoari bertako sukaldarien jakituria eta berrikuntzarako gogoa gehitu behar dizkiogulako.

 

Eskualde honetan lan egiten duen Landa Garapenerako Elkarteak (LGE) LAUTADA du izena.

Eskualdeari buruzko informazio guztia eskura dezakezu Arabako Lautadako Kuadrilaren webgunean edo mapa honen gainean sakatuz.

 

Noticias

Gertuko ekoizleak

Gehiago kategoria honetan: « Gorbeia Inguruak Busturialdea »
itzuli gora