Arabako Mendialdea
Arabako Mendialdea Eskualdea Arabako Herrialde Historikoaren hego-ekialdean kokatua dago. Arabako Mendialdera joatea edertasun paregabeko paraje eder batzuetan barrena ibiltzea bezala da, eta gainera, kirol eta kultur arloko jardueren aukera zabal batez gozatzeko aukera izango dugu.
Haran txiki eta mendi artean ezkutatuta, erdi aroko herri zoragarriak topatuko ditugu, beren harresi eta dorreen artean jauregiak eta oinetxeak ederki zainduta dituztela, antzinako eliza eta baselizekin batera, Arabako Mendialdeak duen aberastasun artistiko eta kulturalaren lekuko gisa.
Berezitasun handiko inguru natural honetan, landaretza eta fauna aberatsa eta askotarikoa topatuko dugu, eta Arabako Mendialdeak, besteak beste, ibilbide atsegin eta lasaiak egiteko, golfa nahiz hipika probatzeko edo hobetzeko, eskalatzen aritzeko edo mendi-zidorretan barrena ibiltzeko modua eskaintzen digu.
Arabako Mendialdea izeneko eskualdea osatzen duten udalerriak hauek dira: Arraia-Maeztu, Bernedo, Kanpezu, Lagran, Urizaharra eta Arana, eta 47 herrigunetan banatuta daude.
Alternatiba desberdinak proposatzen dizkizugu gure eskualdean landa-turismoa egiteko, esperientziak uztartuz, eta gure ondare naturalarekin, kulturalarekin eta era guztietako tradizioekin osatu ahal izango duzu gainera. Zalantzarik gabe, Arabako Mendialdea leku ezin hobea da naturaz, aire libreko kirolez eta bertako herriek nahiz jendeek gordetzen duten ondare historiko eta kulturalaz gozatzeko.
Herri baten tradizio gastronomikoak eta sukaldaritza-ohiturak bertako herritarren historiaren eta gizarte nahiz kultura arloko ohituren adierazpiderik onenak dira. Hala, Zuiako Kuadrillako tradizio gastronomikoa lurralde honek eskaintzen dituen baliabide ugarien ustiapen zuzen nahiz zeharkakoarekin hertsiki loturik dago.
Euskal Herriko ezaugarririk nabarmenenetako bat gure kultura gastronomikoa da, eta horrexegatik, gure ingurunean oso faktore garrantzitsua da elikadura.
Gure elikagaiak Arabako Mendialdean ekoitziak dira, eta horri esker, larreek, animaliek eta fruituek aberastasun aparta duten inguru bateko baratzetan egindako produktuak goza ditzakegu.
Produktuak:
•Eztia
•Patata
•Gazta
•Egoskariak: babarrunak eta garbantzuak
•Txekor-haragia eta zaldi-haragia
•Odolkiak eta odolkiz egindako produktuak
•Boilurra
Eskualde honetan lan egiten duen Landa Garapenerako Elkarteak (LGE) IZKI du izena, eta mapa honen gainean sakatuz Izkinatural webguneko informazio guztia eskura dezakezu.