Gure lurraldea

Busturialdea

Bizkaiko Herrialde Historikoaren ekialdean kokatua dago Busturialdea eta eskualde honen barruan 20 udalerri sartuta daude. Lurralde honek oso erliebe gorabeheratsua du, Gernikako itsasadarretik hurbilen dagoen inguruan izan ezik, eta bertan, bi mendizerra bereiz ditzakegu (Bizkargi eta Oiz); bien artetik korridore bat doa, Oka ibaiaren ibilgu dena, Kantauriko itsasoan itsasoratzen den arte. 

Okupatzen duen hedadura zabalari esker (Bizkaiko hedadura osoaren % 13) eta mantentzen duen kontserbazio-egoera natural onari esker, Euskadin paisaia nahiz ekologia aldetik dibertsitate handiena duten gune naturaletako bat dugu gaur egun. Hori dela eta, eskualde honek hartzen duen hedadura gehiena Gizateriaren Ondare eta Biosferaren Erreserba izendatu zuten 1984. urtean.

 

 

  • Udalerriak

  • Esperientziak eta aisialdia

  • Gure produktuak

  • Estekak

Busturialdea eskualdea osatzen duten udalerriak honako hauek dira: Ajangiz, Arratzu, Bermeo, Busturia, Ea, Elantxobe, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz-Arteaga, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Sukarrieta.

 

Busturialdeko udalerriak ezagunak dira beren baliabide natural, historiko-kultural, arkitektoniko eta etnografikoengatik, eta horiek guztiak modu askotara ezagutu ditzakezu, bertan kultura eta natura uztartzen direlako aukera sorta benetan zabala eskaintzeko. Ibilalditxo bat egin dezakezu Omako basoan barrena, Santimamiñeko kobak bisitatu, erromesen antzera Gaztelugatxeko Donienera joan edo Gernikako zuhaitzaren ondoan gure historiaz oroitu.

Busturialdea kultura, paisaia eta etnografia aldetik balio handiko eskualde bat da. Bertako altxorrik preziatuenetako bat Urdaibai da, UNESCOk 1984. urtean Biosferaren Erreserba izendatua. 

Horrez gain, mendiko bizikletan ibiltzeko prestatutako 11 ibilbide topa ditzakezu, mendi-bideen sare bat –PR (ibilbide laburra) nahiz GR (ibilbide luzea)–, inguratzen zaituen paisaia deskubritu eta miresteko eta bertako jendea ezagutzeko. Eta atsegin duzuna uretan ibiltzea baldin bada, uretako jarduerak egiteko eta kirolean aritzeko hainbat eta hainbat aukera topatuko dituzu.

 

Kostaldea eta barrualdea elkarrekin uztartzen dituen eskualde bat da Busturialdea. Horri esker, aniztasun gastronomiko itzela dugu bertan. Lurretik nahiz itsasotik onena ateratzearren baserritarrek eta arrantzaleek egindako ahaleginaren eta eskainitako mimoen emaitza da eskualde honetan erdietsitako guzti-guztia.

Bizkaiko Txakolina: Lan gogorraren eta elkarlanaren emaitza gisa, 1994. urtean "Bizkaiko Txakolina" Jatorri Deitura sortu zen. Antzinatik datorkigun ardo hau ezagutarazteko, balioesteko eta babesteko helburuarekin sortu zen J.D. hau, eta gure baserritarren lan finari esker eta barietate autoktonoak erabiliz Kantauri aldean egindako mahastizaintzaren emaitza dugu. 

Kiwia: Busturialdean kiwia hazteko baldintzarik egokienak topatzen ditugu, eta horrexegatik, Bizkaian fruta hau ekoizten duen eskualde nagusia da. 

Gernikako Indaba: Eusko Labela duten Gernikako Indabak kalitate goreneko babarrunak dira, hautatutako barietatekoak eta dastatzaile profesionalek "oso ontzat" edo "bikaintzat" jo dituztenak. Forma obalatua eta luzexka dute.  Bizkaian gaur egun urtean 1.343 kilogramo Gernikako Indaba egiten dira, hiru hektarea pasatxotan. Gernikako Indabak artisau erara baserritik hurbil dauden baratze txikietan egiten direnez gero, ingurumenarekin errespetu handienarekin jokatzen duten laborantza-teknikak erabiltzen dira.

Baserriko ogia: Egurrezko labean tradiziozko erara egindako ogia.

Eztia: Eztia elikagairik antzinakoenetako bat da, eta ezin konta ahala propietate sendagarri ditu.

Sagardoa: Eusko Labela duen Sagardoa sagardo naturala da, % 100ean Euskadiko sagarrarekin egina eta hasieratik bukaeraraino kontrolatua.

Behi, ardi eta ahuntzaren esneaz egindako gaztak: Euri sarriei esker Euskadin dugun klima hezearen ondorioz larre berde-berdeak ditugu hemen. Gure lurraldean, abereak larrean bazkatzen dira; ondorioz, zapore bereizgarri bat eskaintzen diote beren esneari eta, hain zuzen ere, esne hori dugu zapore paregabeko gazta hauek ekoizteko lehengaia. Eremu honetan hiru eratako abereak ditugunez gero, eskaintza zabala eta askotarikoa da, eta bilatzen ari zaren gazta topatuko duzula ziurtatzen dizu horrek. Gazta natural, zaporetsu eta elikagarria.

Gernikako Piperrak: Bere ezaugarriak hauek dira: ez da oso luzea, txorten estu eta luzexka du eta tarteko kolore berdekoa da. Bere zapore bikainak eta fintasunak liluratuta utzi ditu aho-sabairik zorrotzenak, eta gaur egun, erreferentzia garrantzitsua dira goi mailako jatetxeetan.

 

Eskualde honetan lan egiten duen Landa Garapenerako Elkarteak (LGE) URREMENDI du izena, eta mapa honen gainean sakatuz beren webguneko informazio guztia eskura dezakezu.

TurismoUrdaibai webgunean ere plan eta ihesaldi ugari aurkituko dituzu.

 

 

 

Noticias

Gertuko ekoizleak

Gehiago kategoria honetan: « Arabako Lautada Debabarrena »
itzuli gora