Gure lurraldea

Donostialdea-Bidasoa

Hiriburuaren lilurak ez digu ahaztarazi behar Donostialdeak, hots, hiriburua inguratzen duen eskualdeak dituen xarmak. Hasteko, sagardoaren eskualdea da, erdigunea Astigarragan duela, baina presentzia handia du, halaber, bai Hernanin eta bai Usurbilen ere. Ezin diogu muzin egin bizitasun handiko sagardotegi horietako batean bazkaltzeko edo afaltzeko ohiturari, sagardoaren garaian bereziki.

Donostialdea kontrastez beteriko lurraldea da. Metro gutxiren barruan, Aiako Harria parke naturalaren berdetasunaren aldamenean, Errenteria edo Pasaiako industria-paisaiak topatzen ditugu. Baserri-eremuetatik Gipuzkoako portu garrantzitsuenen jarduera bizietara. Bazter erromantikoetatik (Pasai Donibane) antzinako gotorlekuetara (San Marko).

Kostaldeko mendi erakargarriz josirik dago itsasertza, eta bertatik, belarretan eserita, zerumugari begira jar zaitezke. Ulia eta Jaizkibel mendien artetik itsasoak barrualdera egiten du Pasaiako badian, eta inguru honek duen aniztasuna islatzen da Pasaiako lau barrutietan. Xarma erromantikoa Pasai Donibanerena da.

 

 

  • Udalerriak

  • Esperientziak eta aisialdia

  • Gure produktuak

  • Estekak

Donostialdea eskualdea osatzen duten udalerriak hauek dira: Lasarte-Oria, Hernani, Astigarraga, Andoain, Urnieta, Usurbil, Pasaia, Lezo, Errenteria, Oiartzun, Irun eta Hondarribia.

 

Mendi-ibilaldiak egiteko ezin aproposagoa den eskualde honetan bi gauza nabarmentzen dira bereziki: Donostiako Hipodromoan zaldiak lauhazka bizian ibiltzen diren egunetan Lasarte-Orian izan ohi den giro aparta eta Hernaniko eraikin historikoen sendotasuna. Horrekin batera, Urumea ibaiaren ibarrek eta mendi-tontor txikiek, Adarrak esaterako, paisaia zoragarriak eskaintzen dizkigute mendi-ibilaldiak egiteko. Andoaindik Leitzarango biotopo babestura joan gaitezke, eta Plazaolako trenbidearen bide berdea aprobetxatuz, tunelak eta zubiak zeharkatuz, haran estu eta liluragarri bat ezagutuko dugu.

Natura eta gizakion sormen-indarra eskutik helduta agertzen zaizkigu Hernaniko Zabalaga finkan. Han, Chillida-Lekun, antzinako baserri baten eremu-zelaiak eta barrualdea artearekin bat eginik ikusiko ditugu. 

Lezoko herrigunea, bertan Santo Kristoren basilika dugula, Errenteria, Gipuzkoako hirugarren hiririk jendetsuena, eta Oiartzun, toki atseginak dira bertako ondare historiko txundigarria ezagutzeko. Oiartzunen paisaia landatarragoa bilakatzen da. Aiako Harria parke naturalerantz goazela eta granitozko gailurrak eta monumentu megalitikoak geure aldamenean ikusten ditugula, zarata atzean utzita, baserriz eta basoz inguratuta ibiliko gara Arditurriko bidegorrian. 

Bidasoa ibaiak eta itsasoak topo egingo dute Txingudi badian, Jaizkibel mendiaren babesean eta natura, kultura nahiz historia aldetik ondare baliotsuz beterik dagoen eremu zabalean.  Bidasoa ibaiak Frantziako eta Espainiako estatuen arteko muga egin izan du hainbat mendetan. Muga ondoan zegoenez, borrokaz jositako historia gorde du. Izan ere, Hondarribia dugu Gipuzkoa osoan harresiak gorde dituen hiri bakarra, eta bai Hondarribiak eta bai Irunek ere garai bateko garaipenak gogorazteko sortu izan zituzten alardeak ospatzen dituzte jai-giroan. Antzina gatazka-iturri izandako kokapen estrategiko hori, gaur egun, balio erantsi bat da eskualdearentzat, eta horrela, esate baterako, Ficoba erakustazokan (Irun) mugaz gaindiko azokak antolatzen dira. Komunikabide onak ditu, bai Hondarribiko aireportuari esker eta bai Biarritz ere hurbil dagoelako ere, eta hori beste abantaila bat da.

Hondarribia distira handiko herri bat da, eta bertan, hondartza zabal bat, kirol-portua, Marina auzo kutuna eta harresiz inguratutako herrigune historiko eder bat ditugu. Irun, biztanle kopuruari dagokionez, Gipuzkoako bigarren hiria da, eta bertako merkataritzak duen bizitasunagatik nabarmentzen da.  Ibaiaren beste aldean, hondartza zoragarria eta frantses kultura eskaintzen ditu Hendaiak. 

Bizi ezazu esperientzia berezi bezain paregabe bat, eta Oarsoaldeaz sekulako oroitzapen ona eramango duzu. Esperientzia horiek, hain zuzen ere, maisu txokolategile bihurtu eta txokolatezko trufak egitetik hasi eta egun batez euskal sukaldaritzaren chef handi bilakatzeraino doaz, Pasaian egun oso batez marinel bihurtuz, euskal herri-musikaren soinuak sentituz edo, zergatik ez, meategi baten barrunbeetan murgilduz.

 

 

 

 

Eskualde honetan lan egiten duen Landa Garapenerako Elkarteak (LGE) BEHEMENDI du izena, eta mapa honen gainean sakatuz edo Donostiarural webgunean Eskualdeari buruzko informazio guztia eskura dezakezu.  

 

Noticias

Ferias

Gertuko ekoizleak

Gehiago kategoria honetan: « Gorbeialdea Durangaldea »
itzuli gora