Gure lurraldea

Gorbeialdea

Bi ibaik, hots, Arratia ibaiak eta Nerbioi ibaiak osatzen duten bailetan kokatzen da Gorbeialdea eskualdea. Bi ibai horien artean Gorbeiako mendia, Bizkaiko mendirik garaiena, eder eta harro altxatzen zaigu, eta gailurrean Gurutze bat dago, eskualdeko jendeak eta turistek sarritan bisitatua, gailurreraino doazen bide ugarietan gora egin ondoren.

Eskualde honek aberastasun handia eskaintzen digu ekologiaren eta paisaiaren aldetik, eta Parke Natural izendatua dago. Lamia eta jentilei buruzko elezaharretako eszenatoki ere izan da, bertan egiten baitzituzten beren akelarreak Itxulegor, Mairulegorreta edota Supelegor izeneko leize ezkutuetan.

Gorbeiako animalia-espezierik esanguratsuena oreina da. Irailaren erdialdera izaten da marrualdia, hots, parke osoan barrena entzun daitezkeen orein arren marruen garaia, orein emeen multzoez jabetzeko borrokaldiak iragartzen dituztela.

Han-hemenka sakabanatutako edo herrixketan bildutako baserrien inguru bat da, oro har biztanle gutxikoak eta landa izaerakoak, eta horrexegatik ezin hobea da Euskadiko herri-arkitektura ezagutzeko, bertako baserri eta baselizekin, eta oso egokia landa-turismorako. Arratia bailarako baserrien ezaugarrietako bat horien eraikuntzan oso harri gutxi erabili izana dugu. Harri-horma eta egurra erabiltzen da nagusiki. Aipatzekoak dira Zeanuriko baserriak, Bizkaian dauden zaharrenak, egurrez eta tximiniarik gabe eginak.

 

 

  • Udalak

  • Esperientziak eta aisialdia

  • Gure produktuak

  • Estekak

Gorbeialdeko eskualdean 15 udal ditugu, eta ezaugarri nagusiak klima hezea eta haranek nahiz mendiek osatutako erliebea dira; azken ezaugarri horrek neurri handi batean erabakitzen ditu, hain zuzen ere, lurralde honetan ekonomia nahiz gizarte alorrean ditugun harremanak.  Honako udal hauek osatzen dute: Arakaldo, Arantzazu, Areatza, Arrankudiaga, Artea, Bedia, Dima, Zeberio, Igorre, Lemoa, Urduña, Orozko, Otxandio, Ubide eta Zeanuri.

 

Era askotako eta denon gustuko hainbat eta hainbat jarduera ditugu, eta bertan paisaia paregabe bat ezagutu dezakegu modu askotara. Horrek oso erakargarri egiten du, beti topatuko baituzu harri eta zur utziko zaituen gauza berriren bat.

 

GAZTA: Artzaintza-kultura Gorbeiako mendietan han-hemenka topatzen ditugun ondare-elementu desberdinetan ikus dezakegu (hala nola trikuharrietan, harrespiletan, bordetan...), eta halaber, latxa arrazko ardien esneaz egindako gazta bikainetan, izan ere, krematsutasun handia eta zapore berezia ematen baitie esne horrek.

SAGARDOA: Gure eskualdeko sagarrondoek milaka urte dituen produktu baten sentsazio freskagarria eskaintzen digute. Ardoak Euskal Herrian erro sakonak egin aurretik, bertako lehen biztanleek upeletan ondutako sagar-zukua ezagutu zuten edari gisa.

EZTIA: Gorbeiako eztia kalitate handikoa da, eta modu tradizionalean ekoizten da erlauntz txikietan. Gure lurraldeko klimaren eta landaretzaren aberastasunari esker, hainbat barietatetako eztiak biltzen dira kolore eta usain desberdinekin, eta jatorri botaniko hori eztiaren zaporean igar daiteke.

EUSKAL PASTELA: Euskal Pastelaren jatorria Iparraldean dago, Ipar Euskal Herrian. Eskualde horretako baserrietan egiten zuten jai-egunetan. Gaur egun, aldiz, antzinako pastel honen errezeta hobetu bat eskaintzen digute gure inguruko gozogileek. Barietate desberdinetan topa dezakezu; pastel-krema, txokolatea, marmeladak...

BASERRIKO OGIA: Gaur egun oso zaila da tradiziozko labeetan artisauen erara egindako ogia aurkitzea, egurrezko labean egindakoaren zapore bereizgarri hori duena. Gorbeian, axolagabe utziko ez zaituen benetako ogi biribil kurruskari hau dastatu ahal izango duzu.

TXAKOLINA: Txakolina ardo berezia da, ahoan zapore mikatz samarra, freskoa eta orekatua duena, betidanik Euskal Herriarekin lotua egon dena. Gure eskualdean Orozko, Arrankudiaga eta Urduña inguruetan egiten da, eta horrek zapore berezi bat eskaintzen dio kostaldeko txakolinarekin alderatuta.

MARMELADAK ETA KONFITURAK: gozoak eta ez hain gozoak; fruta osoekin, zatikatuekin edo xehe-xehe eginda; ahabiz, aranez edo udarez eginak... baina beti zure gustukoak. “Made in Gorbeia” marmeladak eta konfiturak eskualdeko frutez eginak daude, eta bertako sukaldaritza artisaua eta ekoizpen urrikoa dela kontuan izanik, ezingo dituzu beste tokietan topatu.

 

Lanbide zaharrak oraindik ere bizi-bizirik daude gure herrietako eguneroko jardunean. Herri-jakituria honen adibide garbia bertako artisautza-produktuetan topatzen dugu. Buztina, zuntz begetalak, egurra... tresna tradizional desberdinak eskuz egin ahal izateko erabilitako elementu naturalak dira.

ELTZEGINTZA: Euskal zeramika-ekoizpena neurritasun handikoa da, nagusiki erabilgarria eta funtzionala, baserriko premiei hertsiki lotua. Zeramika horren barruan nabarmentzekoak dira katiluak, txarroak, pegarrak (txarro mota berezi bat)... Gorbeian pieza horietako batzuk eskuratu ditzakezu, eta zalantzarik gabe, gurekin egiten duzun egonaldiaz oroitzeko baliagarriak izango zaizkizu.

EGURRA: Inguruko zuhaitzen egurra –batez ere haritzen eta pagoen egurra– erabiliz aplikazio desberdinak dituzten produktuak egin ohi dituzte gure artisauek, nahiz horien funtzio nagusia apaingarri izatea den. Taila orijinal horietako bat edukitzeak nortasunik gabeko objektuetatik urrun dagoen artikulu paregabe baten jabe zarela sentiaraziko dizu.

 

Eskualde honetan lan egiten duen Landa Garapenerako Elkarteak (LGE)  GORBEIALDE,  du izena, eta mapa honen gainean sakatuz GORBEIALDEA  webguneko informazio guztia eskura dezakezu. Halaber, plan eta ihesaldi ugari aurkituko dituzu.

 

 

 

Noticias

Gertuko ekoizleak

Gehiago kategoria honetan: « Arabako Errioxa Donostialdea-Bidasoa »
itzuli gora