Gure lurraldea

Durangaldea

Durangaldea, ia oso-osorik, Ibaizabal ibaiaren haranean kokatua dago, Lur Laua esaten zitzaion inguruan, Bizkaiaren hego-ekialdean. Iparraldetik Oiz mendiarekin eta hegoaldetik Anboto mendiarekin, Aramotz mendizerrarekin eta Durangaldeko mendiekin egiten du muga.  Mendi hauek Bizkaiko eskualderik eder eta magikoenetako bat bilakatzen dute 13 udalerrik osatutako eskualdea.

Euskal Herriaren barruan kokapen estrategikoa du Durangaldeak. Lur emankor hauetan Historiaurretik bizi izan da jendea. Historiak bere seinaleak eta aztarnak utzi ditu Durangaldeko lurretan. Kareharrizko tontorrek, muino berdeek eta haran leunek osatzen duten paisaia eskualde honetako udalerri bakoitzak duen ondare historiko artistiko aberatsarekin nahasten da.

 

 

  • Udalerriak

  • Esperientziak eta aisialdia

  • Gure produktuak

  • Estekak

Durangaldea eskualdea osatzen duten udalerriak ondoko hauek dira: Abadiño, Amorebieta-Etxano, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Ermua, Garai, Iurreta, Izurtza, Mallabia, Mañaria, Zaldibar.

 

 

Gure eskualdea bisitatzera gonbidatzen zaitugu. Murgil zaitez Urkiolako Parke Naturaleko bide, baso eta mendietan barrena. Mirets ezazu Parke itzelean dugun landaretza eta fauna aberatsa.

Utz ezazu euskal mitologiaren mendi sakratu eta Mari jainkosaren bizileku den Anbotoren bistak lilura zaitzala. Goza ezazu gure herrietako giroaz: bertako kulturaz, ondareaz, monumentuez, euskararen soinuaz, jaiez, tradizioez, modernotasunaz eta folkloreaz.

Gure gastronomia bikainaren oinarri diren artisau-produktu autoktonoak dastatzera ere gonbidatzen zaitugu. Nekazaritza-auzoetako baserrietan mimo handiz ekoitzitako produktuak. Ehundik gora urte dituzten kareharrizko eta egurrezko eraikin ikusgarriak, mendeetan barrena bizitzaren zentzua eta paisaia paregabea gordetzen jakin dutenak. Durangaldean Euskal Herriko baserririk ederrenak topatuko dituzu.

Bizkaiaren funtsa gordetzen duen Durangalde hori ezagutzeko abenturari ekitera gonbidatzen zaitugu. Euskal Herrian ez dira asko izango Durangaldeak bezala industria-jarduera eta modernotasuna landako bizimoduarekin uztartzen jakin duten eskualdeak.

Zatoz Durangaldera. Hasi ezazu bidaia miresgarri hau, txoratuta utziko baitzaitu zalantzarik gabe.

 

 

Durangaldeko eskualdeak kalitate eta bikaintasun goreneko produktuen aukeraketa on bat eskaintzen du, Durangaldeko baserrietan mimo handiz ekoitziak. Durangaldeko haran berde eta muinoetako lur emankorretan sakabanatuta hainbat eta hainbat baserri topatzen ditugu beren baratze eta artaldeekin.  Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiapen hauek, Euskal Herriko paisaia bukolikoari bere horretan eusteaz gain, kalitate handiko produktuak ekoizten ere laguntzen dute: esnea, haragia, behi-gazta, Idiazabal J.D. gaztak, txakolina, sagardoa, frutak, barazkiak, eztia, ogia, gozogintza, besteak beste. 

Durangaldea eskualdea bisitatzera animatzen zaituztegu, eta bertako herri, auzo eta mendietan barrena ibiltzera. Gonbidatzen zaituztegu bertako udalerrietako giro biziko kaleetan barrena ibiltzera eta taberna eta jatetxeetan eskualdeko produktu bikainenekin egindako bertako gastronomia dastatzera:

  • Fruta eta barazki freskoak.
  • Fruta eta barazkien kontserba naturalak.
  • Ezti milalorea eta txilar-eztia.
  • Behi-esnea.
  • Ardi-esnea.
  • Eusko Label jatorri-deitura duen sagardoa edo Bizkaiko Sagardoa
  • Bizkaiko Txakoliña Jatorri Deitura duen txakolina
  • Idiazabal J.D. duen ardi-gazta.
  • Artzain Gazta.
  • Larrei esker kalitate bikaina duten  Euskal Herriko JD abelgorri-okelak.
  • Euskal Herriko esneko arkumea. Baserrietan aire librean hazten dira, bere amaren esnea bakarrik edaten dute eta 3 eta 5 aste bitartean hiltzen dira.
  • Lumagorri Eusko Labela duen Oilaskoa.
  • Mendian hazitako Basatxarri eta Txerrizaleok txerriak.
  • Ogia eta gozogintza.
  • Eskualdeko artisauek egindako artisautza-produktuak.

 

Eskualde honetan lan egiten duen Landa Garapenerako Elkarteak (LGE) URKIOLA du izena, eta mapa honen gainean sakatuz beren webguneko informazio guztia eskura dezakezu.

 

 

Noticias

Gertuko ekoizleak

Gehiago kategoria honetan: « Donostialdea-Bidasoa Urola Kosta »
itzuli gora