Gure lurraldea

Goierri

Goierri eskualde txiki bat da, Gipuzkoako herrialde historikoaren barrualdean kokatua, kostatik 40 km-tara, eta Beasain dugu bertako hiriburua.

Eskualde honen izenak, Goierri, inguru honek duen kokapenarekin loturiko esanahi berezia du. "Goialdeko herri" esan nahi du, eta hain zuzen ere, eskualde hau Oria ibaiaren goi-arroan, haran mehar eta estu batean kokatuta egoteari zor dio izena. Hori dela eta, desegokien komunikatutako eskualdeetako bat zen Gipuzkoan garai batean, baina duela mende bat baino gehiago eraikitzen hasi ziren azpiegiturei esker (trenbideak, autobideak) eskualde honetako haranen arteko hartu-emanak estuagoak izatea lortu zuten. Hala, gaur egun, Europako errepide bidezko komunikazio-ardatz garrantzitsuenetako baten barruan aurkitzen da. 

 

  

  • Udalerriak

  • Esperientziak eta aisialdia

  • Gure produktuak

  • Estekak

Goierriko eskualdeak 271,3 km2-ko hedadura du eta, 2011n jasotako datuen arabera, 67.000 biztanle inguruko biztanle kopurua, 22 udalerritan banatuak: Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Ezkio-Itsaso, Gabiria, Gaintza, Itsasondo, Idiazabal, Lazkao, Legazpi, Legorreta, Mutiloa, Ordizia, Olaberria, Ormaiztegi, Segura, Urretxu, Zaldibia, Zegama, Zerain eta Zumarraga.

Eskualdeko jarduera ekonomiko nagusia industria da, eta horrexegatik, oso urbanizatuta eta industrializatuta dauden inguruak topatu ahal izango dituzu, baina baita nekazaritza-izaera handiko inguruak ere. 

Hiriguneetatik urruntzen hasi eta inguruan dituen mendizerra horietako edozeinetarantz abiatu ahala, landa-izaera duten gune hauek gero eta presentzia nabarmenagoa izango dute. Aralarko edo Aizkorri-Aratz parke naturalak topatuko dituzu, eta hain zuzen ere, Aizkorri-Aratz parkea oso ezaguna da San Adriango tunel famatura eta antzinako galtzadara eramaten gaituelako (Errege Bidea eta Done Jakue Bidea).

Goierrin oso garrantzitsua da jai-tradizioa; errito, elezahar eta antzinako ohituren lurraldea da, eta bertan egiten diren aspaldiko ospakizun horien jatorria ezagutu nahi badugu, hainbat mende egin beharko dugu atzera.

Goierriko gastronomiak kultura bat, tradizio bat, bizimodu bat islatzen du, Eskualde hau izen handiko sukaldarien sehaska izan baita, hala nola Arzak, Argiñano edo Castillo, eta horiek guztiek bizirik mantendu dute euskal sukaldaritza tradizionala, gure lurraldeko eta denboraldiko produktuetan oinarritua. 

Goierrin eskaintza gastronomiko askotariko bat dugu, kalitate maila handi batek bereizi egiten duen. Euskal gastronomia tradizionala, euskal sukaldaritza, kalitate handiko produktuetan oinarritua baitago: gure baratzeak, gure belardiak,... , azken batean gauzak ongi egiteko eta ongi jateko herentzia jaso baitugu gure aiton-amonengandik. Pintxoak, txingarretan erretako txuletak, arrainak parrillan, baratzeko produktuak mahaian,...

Euskal sukaldaritza tradizional hori garatu ahal izateko, beharrezkoa da produkturik onenak erabiltzea; lehen-lehenik artzaintzarekin loturikoak aipatu behar ditugu: latxa arrazako ardiak ugariak dira Aralar eta Aizkorriko larreetan, eta bere esneaz egiten den gazta famatuak Goierriko herri baten izenetik hartua du izena: Idiazabal gaztaz ari gara, jakina. Ardikia erabiliz egiten dira, halaber, Zaldibiako mondejoak, inguru honetako baserrietan irailean eta urrian artisau erara egiten diren hestebeteak; garai horretan, mondejoen dastatze-lehiaketa desberdinak antolatzen dituzte, baita Beasaingo odolkiarenak ere, bere Kofradia propioa duen inguru honetako beste hestebete tipikoa baita.

Mundu mailan hainbat lehiaketetan sari ugari jaso dituen Idiazabal gaztak Goierriko herri baten izenetik hartu du izena. Latxa ardiaren esne gordinaz egindako gazta bat da; Goierriko larreetan ikus daitekeen arraza autoktonoa da, sukaldaritza-balio handikoa. Idiazabal gaztaren interpretazio-zentroan ezagutu ditzakegu horri buruzko sekretu guztiak, baita jaki goxo hori eskaintzen digutenen bizimoduaz ere gehiago jakin, hots: artzainez.

Sagardotegiak tokiko gastronomiaren parte garrantzitsua dira; adituek diote Goierriko sagardoak puntu desberdin bat duela; eskualdeko sagardotegietan, halaber, gure inguruko produktu tipikoak dastatuko ditugu, hala nola Idiazabal gazta, intxaurrak, irasagarra, gure baserrietako haragia eta abar. Goierrin txakolindegi bat aurkituko duzu: ardo-barietate hau kostaldean ohikoa izan arren, Goierrin aurkitzen diren mahastietan are eta bereziagoa egiten duten ezaugarriak ditu; txakolindegi horrek bere kategorian zenbait sari irabazi dituen ardo ekologikoa egiten du.

Gozokien atalean aipatzekoak dira Unanuko merlitoiak, Gipuzkoa tarta, Beasaingo Martintxoak eta Segurako tarta, osagarri ezin hobea gozozale porrokatuenentzat.

Produktu horiek guztiak ezagutzera emateko, erakusleiho zoragarri bat dugu: Ordiziako feria, duela 500 urte baino lehenagotik egiten den azoka, Euskadiko azoketan aipagarriena, eta bertan elkartzen dira asteazkenero bailara osotik eta inguruko lurraldeetatik nekazaritza eta abeltzaintzako elikagaiak saltzera etorritako ekoizle-saltzaileak nahiz erosleak (azoka hau ostiral arratsaldetan ere egiten da). Ordiziako azoka Euskadi osoko azokarik garrantzitsuenetako bat da, eta garrantzi hori are handiagoa da, Herrialde guztirako nekazaritza-prezioen "poltsa" gisa jokatzen duelako.

 Iturria: Goierriturismo

 

Eskualde honetan lan egiten duen Landa Garapenerako Elkarteak (LGE) Goimen du izena, eta mapa honen gainean sakatuz beren webguneko informazio guztia eskura dezakezu.

Goierriturismo webgunean ere plan eta ihesaldi ugari aurkituko dituzu.

 

 

 

 

 

 

 

Noticias

Ferias

Gertuko ekoizleak

Gehiago kategoria honetan: « Urola Kosta Tolosaldea »
itzuli gora