Gure lurraldea

Lea Artibai

Lea-Artibai Bizkaiko probintziaren ipar-ekialdean aurkitzen da, eta Lea eta Artibai ibaien arroak besarkatzen ditu. Horren hedadura 180,3 km2 dira. Durangaldea eskualdearekin muga egiten du hegoaldetik, Gipuzkoako Debabarrena eskualdearekin ekialdetik eta Busturialdea eskualdearekin mendebaldetik; iparraldetik, berriz, Kantauri itsasoak bustitzen du.

Lea eta Artibai ibaiak Oiz mendian sortzen dira bata zein bestea, eta beraz, eskualde hau mendizerra horren eta Kantauri itsasoaren artean kokatua dago. Orografia gorabeheratsua da, mendi-tontor txiki ugari daude, garaiena Oiz mendia izanik bere 1.026 m-ko altuerarekin, baina kostaldera hurbildu ahala altitudea gutxituz doa.

Kostaldea malkartsua da, itsaslabar ugari ditu, eta ibaien bokale inguruetan, berriz, hondartzak osatzen dituzten hondar-multzoak zabaltzen dira. Kretaziko garaiko flyscha hemen ere ikus daiteke, Gipuzkoako kostaldean baino askoz neurri txikiagoan izan arren, eta marearteko zabalgunea ere garrantzitsua da.

 

 

  • Udalerriak

  • Esperientziak eta aisialdia

  • Gure produktuak

  • Estekak

Lea Artibai eskualdea osatzen duten udalerriak ondoko hauek dira: Artibai arroan: Markina-Xemein,  Ziortza-Bolibar,  Ondarroa, Etxebarria eta Berriatua; Lea ibaiaren arroan: Amoroto, Gizaburuaga, Ispaster, Lekeitio, Aulesti, Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz eta Mendexa.

 

Bidaiarien eta bertakoen arteko topaleku bihurtzen da Lea Artibai. Eremu natural zoragarria da, mila elezahar eta amaierarik gabeko abentura gogorarazten dituen sinfonia zirraragarria. Paradisu natural honetan ezinbestekoa da gizakien eta naturaren arteko bizikidetza, betiere errespetuzko eta garapen iraunkorreko testuinguru batean.

Goza itzazu era askotako esperientziak, hala nola piraguismoa, arku-tiroa edo eskalada, edo anima zaitez gure ibilbide liluragarri hauetako bat egitera.

 

Lea-Artibai eskualdeak kalitate bikaineko era guztietako arrainak eta itsaskiak eskaintzen dizkigu, Lekeitio eta Bermeoko portuetako arrantza-ontziek ekarriak. Gainera, Lea-Artibaiko lurretan eta mendi-muinoetan hainbat baratze ikusten ditugu sakabanatuta, eta horietan ere kalitate handiko fruta eta barazki freskoak hazten dira. Larre berdeetan eta mendi malkartsuetan bazkatzen diren latxa arrazako ardiek ematen duten esneari esker, artzainek zenbait esneki ekoizten dituzte, hala nola ardi-gazta. 

Animatzen zaituztegu Lea-Artibai eskualdeko herriak ezagutzera etor zaitezten, herrietako giro handiko kaleetan barrena ibil zaitezten eta bertako gastronomiaz goza dezazuen taberna eta jatetxeetan bertako produktuak dastatuz. 

Bertako gastronomia famatuaren barruan hainbat plater ezagun ditugu:

Legatza ondarrutar erara: Herri honetako plater izarra dugu eta hori prestatzeko modu xume bezain bikainari esker, Euskadiko jatetxerik onenenetako kartetan topatzen dugu.

Marmitakoa: Kantauriko hegaluzea (atun zuria) oinarritzat hartuta prestatutako plater bat da. Denboraldiko plater honen izena "marmita" hitzetik dator, hots, arrantzaleek itsasontzien barruan hori prestatzeko erabiltzen zuten ontzietatik.

Hegaluzea eta zapoa: Parrillan egur-ikatzezko txingarretan prestatuak, kanpotarrak dastatu gabe utzi ezin ditzakeen bi espezialitate dira.

Gazta: Eskualde honetako artzainek egiten duten gazta mota "Idiazabal" gazta da, "latxa" arrazako ardi autoktonoaren esne gordinez egina.

Eta hori guztia Bizkaiko Txakolin edo sagardo bikain batez lagunduta.

Bizkaiko Txakolina Jatorri Deitura duen produktu bat da; zapore garratz bereizgarria duen ardo bat da, eta aditu askoren iritziz, arrain-platerei laguntzeko edaririk egokiena. Mendexa, Lekeitio eta Markina-Xemein herrietan ekoizten da nagusiki.

Eskualde honetako sagardo-ekoizpenari dagokionez, Goiz Erdi Aroan Ziortzako Monasterioan dokumentaturik aurkitzen dugu.

Eskualde honetako nekazaritza-elikadurarekin loturiko beste artisautza-jarduera bat kontserbak dira, bai barazkiena eta bai arrainena ere, eta arrain-kontserbak, bereziki, Lea-Artibaiko berezitasun garrantzitsuenetako bat dira. Kostaldeko herri gehienetan kokatuak, kontserba-enpresak Kantauri itsasoko hegaluzearen eta antxoaren kontserban espezializatuak daude, eta horiek guztiek ospe handia erdietsi dute nazioarte mailan.

Eta jaki goxo horiei guztiei laguntzeko, ez ahaztu gure baserrietako labeetan artisau erara prestatutako ogia, edo artisau erara egindako txokolatea. Aipamen berezia merezi dute "Markinako Kokote" ospetsuek, izan ere, espezialitate honek Markinako herriaren izena gozogintza-liburu garrantzitsuenen orrialdeetara ekarri baitu.

 

Eskualde honetan lan egiten duen Landa Garapenerako Elkarteak (LGE) LEA ARTIBAI du izena, eta mapa honen gainean sakatuz beren webguneko informazio guztia eskura dezakezu.

Lea Artibai Turismoren webgunean ere plan eta ihesaldi ugari aurkituko dituzu.

 

 

Noticias

Gertuko ekoizleak

Gehiago kategoria honetan: « Enkarterri-Meatzaldea Añana »
itzuli gora