Gure lurraldea

Aralar parke naturala

Nola heldu?

Aralarko mendizerrak goi-lautada baten forma du eta Gipuzkoa eta Nafarroa artean zabaltzen da, Oria eta Arakil haranen artean. Gipuzkoako partea Parke Natural izendatua dago 1994. urteaz geroztik.

Parke honetan Gipuzkoako mendi-tontorrik ezagunenetako batzuk topatzen ditugu, hala nola Txindoki edo Ganbo, eta oso ingurune bisitatua da mendigoizale nahiz txangozale asko bertaratzen baitira.

Mendi-hegaletan era askotako basoak topatuko ditugu, eta tokirik garaienetan, berriz, larreak eta harkaitzak dira nagusi. Mendizerra hau zulatua duten leizeen sare trinkoak multzo hidrogeologiko interesgarria sortu du, eta hobi eta iturburu garrantzitsuak topa ditzakegu bertan.

 

Mendizerraren tokirik garaiena Euskal Herriko artzaintza-gune garrantzitsuenetako bat da. 50 artzain inguruk bertara eramaten dituzte latxa arrazako artaldeak elurrik ez dagoen hilabeteetan, baita behi eta behor kopuru handi bat ere. Aralarren, halaber, monumentu megalitikoen kopuru esanguratsu bat topatuko dugu, mendi hau Neolitikoaren garaitik erabiltzen aritu izan diren artzainek eraikiak.

Bisitariei bi instalazioetan egiten zaie harrera, eta bertan, informazioa eskaini eta Aralar ezagutzen hasteko aukera eskaintzen zaie:

  • Joxe Migel Barandiaran Museoa (943180335 - Esta dirección de correo electrónico está protegida contra spambots. Usted necesita tener Javascript activado para poder verla. ), Larruntza errotan kokatua, Ataungo San Gregorio auzoan.
  • Lizarrustiko Parketxea (943582069 - Esta dirección de correo electrónico está protegida contra spambots. Usted necesita tener Javascript activado para poder verla. ), Lizarrustiko mendateko tontorrean dagoen garai bateko Arbitrio eta Mikelete Etxean kokatua.

Aralarren seinalatutako ibilbideen sare zabal bat dugu, eta aukera ematen digute eremu honetako paisaiak ezagutzeko, eta bide batez, gunerik interesgarrienetara joateko bidea adierazten digute.

Oharra: webgunetik deskargatu daitezke ibilbide horiek.   

Gehiago jakiteko:

http://www.gipuzkoamendizmendi.net

http://parketxesarea.org/

 

itzuli gora