Gure lurraldea

Urdaibaiko Biosferaren Erreserba

Nola heldu?

Bizkaiko Golkoaren urmael batean kokatua, Urdaibaiko Biosferaren Erreserba (23.000 ha) Busturialdeko eskualdean aurkitzen da, Bizkaian.Kostaldeko itsaslabar eta hondartzetatik barrualdeko baso eta ibaietaraino, padura eta ibaibideak zeharkatuz, Euskadiko aniztasun paisajistiko eta ekologikorik handienetako bat topatzen dugu Urdaibain. Mundakako Itsasadarra, Erreserbaren bihotzean. UNESCOk 1984an Biosferaren Erreserba izendatutako paraje bikain honen erdigunea Mundakako Itsasadarra da. Itsasadarrak bere bokalean 12 km-ko hareatza zabal horietan ur gazia eta geza nahasten dira, eta Euskadiko hezegunerik garrantzitsuena osatzen dute. Gainera, ingurune hori guztia garrantzi handikoa da nazioartean, Penintsula Iberikoan bitxiak diren hegazti migratzaile espezie askoren atsedenleku eta negualdirako gune baitira, hala nola koartza hauskara, ubarroia, txenada, mokozabala, baita zangaluzeen kopuru handi batena ere, hots, lohi eta hondartzetan lurperatuta edo erdi-lurperatuta bizi diren animaliez elikatzen diren hegaztiena. Hain zuzen ere, Oka ibaiaren haranean gaude; Gernika-Lumo da hiri nagusia, baina badaude, halaber, landa-giroko beste hainbat herri txiki, denen artean paisaia bikain bat osatzen dutela. Itsasadarra bera dugu Erreserbaren bihotza. Eguneko une desberdinetan ikustea gomendatzen dugu, itsas beheraz nahiz itsas goraz edertasun guztian gozatu ahal izateko.

Gernika-Lumotik abiatzen diren bi errepidek, bata Bermeo alderantz eta bestea Laga-Elantxobe alderantz, itsasadarra inguratuko dute bi aldeetatik, eta era horretan bere hedadura guztian ikus dezakegu. Bokaleak, halaber, oso ikuspegi ederrak eskaintzen dizkigu bi ertzetatik. Itsasertz horretan bertan, itsasadarraren ekialdean, Ogoño lur-muturra nabarmentzen da; kareharriz osatutako itzelezko haitz honetan ubarroi mottoduna eta belatz handia bizi dira. Horren oinetan Lagako hondartza hedatzen da, bainuzaleek oso gogokoa dutena, baina oraindik ere landaretza psamofilo bereziaren balio handiko adibideak topa ditzakegu bertan (hareatza eta dunetako berezko landaretza).  Itsasadarraren bokalearen aurrez aurre Izaro uhartea goratzen da bere bakartasunean. Paisaiako elementu berezi honetan kaio hankahorien kolonia habiagile handi bat bizi da, baita orain dela gutxi iritsi berria den lertxuntxo txikien kolonia bat ere. Itsasoa behean dagoen orduetan hondartza zabalak agerian geratzen dira  -Laidako hondartzaz gain- bokaletik hurbil, baino gero berriro itsasoak estaliko ditu.

Ibaian gora eginez, errepidetik bertatik, baina batez ere Gautegiz-Arteagatik Kanalera joanez, padurak hartzen duen azaleraren parte handi bat ikus daiteke. Santimamiñeko Leizeak eta Omako basoa. Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren barruan, barrualderago, aipatu beharreko bi toki ditugu: Santimamiñeko Leizeak (bisitarientzat itxiak) eta Omako basoa. Kareharria disolbatzean Erreserbaren inguruetan osatu ziren leizeez baliatu ziren historiaurreko ehiztariak, bertan beren bizilekuak finkatzeko. Horietako bat Santimamiñe dugu, Kortezubi herrian kokatua, eta bertan, labar-pinturaren adibide bikain batzuk utzi zizkiguten, ehizatzen zituzten animalien irudiak margotuta. Beste leize askotan bertan bizi izan zirenek utzitako materialak topatu dira (hezurrak, erremintak). Omako basoa handik hurbil aurkitzen da, udalerri beraren barruan. Baso sorgindu honek naturaren eta artearen arteko harreman berri bat erakusten digu. Agustín Ibarrola artistak, ehunka pinu kolorez eta bizi-pozez margotu zituenean, egundoko koadroa egin zuen, eta bisitari bakoitzak bere erara birkonposatu dezake, dabilen bitartean ikuspegi desberdinekin jokatuz. Oharrak: Toki baimendu batzuetan bakarrik egin daiteke arrantza, jarduera honetarako ezarritako arauak errespetatuz. Urdaibaiko mendialdea ez dago egokituta minusbaliotasuna duten pertsonentzat.

Datu interesgarriak:

  • Fauna

  • Flora

  • Como llegar

  • Actividades

  • Rutas en la zona

  • Folleto

  • Panorámicas

  • Observaciones

Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako padura-azalerak Kantauriko kostalde osoan parerik ez duen balio ekologiko handiko habitat bat osatzen du, batez ere bertan ditugun ubide ugariei, lohi-azalerei (itsas beheran ikus daitezke) eta lezkadi-sailei esker. Nabarmentzekoa da, inolako zalantzarik gabe, hegazti urtarren migrazio-ibilbidean betetzen duen eginkizuna, horietako batzuk bereziki mehatxatuak daudelako, mokozabala esaterako.  Nolanahi ere, padura honetan urtean zehar ikus daitezkeen hegazti multzoak asko dira: zangaluzeak, anatidoak, harrapariak –hala nola arrano arrantzalea–, lezkariak, ardeidoak, txenadak, kaioak, aliotak, rallidoak, alzidoak eta abar. Itsasadarrak eskaintzen digun aniztasun ornitologikoa behatzeko hilabeterik gomendagarrienetako bat da iraila, udazkeneko migrazioa puri-purian dagoenean.

 

Itsasadarretik inguruneko paisaiari begiratzen badiogu, gure bista eskuinaldera zuzenduko da bereziki (Atxarre-Ereñozar), kolore berde iluneko landaretza itxia duten erliebeetara. Artadi kantauriarrez eta arte-sastrakez estalitako kareharrizko gailurrak dira. Mediterraneoko ezaugarriak dituen landaretza mota bat da (eremu atlantikoan egon arren), eta beste toki batzuetan bezala, bere horretan iraun du, hain zuzen ere, lur harritsu, lehor eta nekazaritzarako elkorrak diren lurretan erroak egiten dituelako.

Bilbotik abiatu eta, N-634 errepidean barrena, Erreserba hegotik iparrera zeharkatzen duen BI-635 errepidearekin elkartzen den bidegurutzeraino joango gara, Amorebieta-Etxano eta Bermeo artean. BI-631 errepideak Mungia eta Bermeo elkartzen ditu mendebaldean. Inguru hau zeharkatzen duten beste errepide batzuk ere badaude.

Herriguneetan dauden aparkalekuez gain (ordaindu beharrekoak nahiz doakoak), oinez edo bizikletaz egingo diren bisitak hasteko edo garraio publikoaren sarera (trena, Bizkaibus, txalupa motordunak) iristeko abiapuntu gisa, ibilgailuentzat egokitutako eremu batzuk ditugu Urdaibain Laida eta Lagako hondartzetan.

Garraio publikoa

Autobusak: Inguru honetatik Bizkaibuseko zenbait linea igarotzen dira: Lekeitio/Elantxobe/ Gernika-Lumo/Bilbo Gernika-Lumo/Bilbo Bermeo/ Gernika-Lumo/Bilbo Bermeo/Bakio Bermeo/Mungia/Derio/Barakaldo Gernika-Lumo/Gamiz Fika/Mungia Lekeitio/Aulestia/ Gernika-Lumo/Bilbo Trenak: Bilbo-Bermeo linea, eta geltokiak ditu Gernika-Lumon, Busturian, Mundakan eta Bermeon. Itsasoz: Txalupa motorduna (Irteerak Mundakatik eta Sukarrietatik Laga eta Laidako hondartzetara udan).

 

 

Jarduera mota desberdinak egin daitezke, hala nola urpekaritza, surfa, bela, piraguismoa, arku-tiroa, mendi-ibilaldiak, bizikleta, rappela, hegaztien behaketa, eskalada, kanoa-zeharkaldiak, itsas kayaka eta ontzi-paseoak itsasadarrean Izaro uharteraino eta Elantxoberaino Ogoñoko leizeetatik barrena.

 

 

 

 

 

 

 

Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako Patronatua Udetxea Jauregia. Gernikatik Lumora doan errepidea. 48300, Gernika-Lumo, Bizkaia. Tel.: 946 257 125 Faxa: 946 257 253 E-maila: Esta dirección de correo electrónico está protegida contra spambots. Usted necesita tener Javascript activado para poder verla.

 

itzuli gora